Ikasle andana EU2015en aurkako manifestazioan

Ikasleek hiru fakultate eta errektoreordetza hartu dituzte

Leioako Ikasle Jardunaldiak

Martxoan egingo duten Herri Unibertsitatearen aurreko ekintza bezala antolatu dituzte jardunaldiak

2014/12/19

Zuzenbideko Ikasle Abertzaleak eta ikasle asanbladaren oharra

Tribuaren Berbak, ETB1eko saioaren azkeneko atalean, Juana Goizueta EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoak euskarak Zuzenbide Ikasketetean duen presentziaren inguruan mintzatu zen.
Hori dela eta, Leioako Zuzenbideko Ikasle Abertzaleak eta asanbladak ohar bat plazaratu dute.



Leioako Zuzenbideko Ikasle Abertzaleak eta ikasle asanbladaren oharra

Pasaden abenduaren 14ean UPVko Zuzenbideko dekanoa den Juana Goizuetak ETB1ek emititzen duen Tribuaren Berbak "Euskara justizia eske" saioan agertu zen.
Bertan, euskaraz aritu nahi dugun ikasle orok euskaraz egiteko eskubidea bermatua daukagula baieztatu zuen, errealitatean ikasleok euskaraz bizi eta ikasteko ditugun zailtasunak ahantziz.
Ez da bidezkoa euskararen normalizazio bidean errealitatean islatzen ez de egoera bat irudikatzea, gutxiago, egi borobilak ez esanez Zuzenbideko atal guztiak euskaraz ematen direla baieztatzea. Ez dugu ukatzen azken urteetan aurrera pauso handiak eman direla. Zoritxarrez, oraindik asko falta zaigu gure fakultate zein ikasgeletan euskararen egoera osasuntsuaz hitz egiten hasteko.
Besteak beste euskaraz ikasteko dugun kalitatezko ikasmateriala urria da, ia nulua. Gainera, abokatu izateko derrigorrezkoa zaigun abokatutza masterraren parte handiena espainolez egin beharko dugu, abokatuak izateko bai edo bai gazteleraz ikasi beharko dugularik.
Jakina da euskararen normalizazioak lana suposatzen duela, baina harrigarria iruditzen  zaigu inoren buruak horrela goraipatzea euskaraz ikasteko ditugun zailtasunak ikusita. Argi dugu oraindik bere normalizazio bidean heman beharreko pausuak izugarriak direla eta ospatzeko ezer gutxi daukagula.
Izugarri poztu gaitu Zuzenbideko dekanoaren partetik euskararen alde borrokatzeko grina ikustea. Ikasleok, bai asanbladaren partetik bai IAren partetik jadanik bildu gara UPVko instituzio desberdinekin. Espero dugu euskararen inguruan esandakoak egi bihurtzea eta hitzetatik ekintzetara pasatzea.
Leioako Ikasle Asanblada eta Zuzenbideko Ikasle Abertzaleak

2014/12/10

[Jaialdia] MADAMA's Party!

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko talde feministak, MADAMAK, ostegun honetarako, abenduak 11, jaialdi izugarria prestatu dute.


Egitaraua:
  • 17:30etan, Bilgune Feministaren eskutik 'Jostorratzak dantzan ditugu' emakume abertzaleen  VI. topaketa feministen aurkezpena.
  • 19:00tan Bertso musikatuak Malen Amenabar eta Maialen Akizurekin.
  • 20:30etatik aurrera PINTXOPOTE + DJ MDMk!!!


2014/12/09

Zuzenbideko Ikasleak: "Euskarazko ikasleok Abokatutza Masterra gure hizkuntzan egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu"

Zuzenbideko ikasleak behin gradua amaituta egitera derrigortuta dauden Abokatutza Masterra euskaraz eta Leioan egitea aldarrikatu dute: "Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak".


Zuzenbideko ikasleen oharra:
Abokatutza masterra euskaraz eta leioan!
Egun, abokatu izateko derrigorrezkoa zaigu zuzenbideko ikasleoi Abokatutza Masterra egitea. Joan den urtean eskaini zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatean abokatutza masterra eta, aurreko asteetan aditzera eman dugunez, ez zen euskarazko talderik sortu.
Hurrengo ikasturteari begira arazoa errepikatzen da, eta euskarazko ikasleok berriro ere egoera diskriminatzaile baten aurrean aurkitzen gara. Honetaz gain, euskarazko masterra deitzen dioten hori, ez da inondik inora horrela; izan ere, master osoaren %38a baino ez dago bermatuta euskaraz, hizkuntza honetan irakatsi dezaketen irakaslerik kontratatu ezin delako aitzakiarekin. Hori al da Euskal Herriko Unibertsitateak euskarazko master bati ematen dion garrantzia?



Azken egunetan hainbat eskaera ezberdin helarazi dizkiogu euskara errektore ordeari. Bere esanetan “euskarazko” taldea bermatuta dago baldin eta 12 ikasle matrikulatzen badira (aurrez ezarritako kopurua 8 ikaslekoa zen). Kopuru minimo honi beste inguruabar batzuk gehitu behar dizkiogu, “euskarazko” taldea sortzea ikaragarri zailtzen dutenak:


  • Abokatutza masterra gazteleraz Donostiako eta Leioako kanpusetan eskaintzen den bitartean, “euskarazko” masterra bi kanpusetako batean eskainiko dela adierazi dute. Non izango den erabat zehaztu ez duten arren, ziurrenik Donostian izango dela esan digute. Eskubide urratze larritzat jotzen dugu hau. Adibidez, ez dago edonoren esku Donostian masterra ordaintzeaz gain, pisu bat ere ordaintzea, edo eguneroko garraioa ordaintzea. Horrela, euskarazko masterra soilik kanpus batean eskaintzea matrikulazioak atzera botatzeko arrazoi argia da.

  • EHU-k euskarazko masterra aurrera joatearen kontrako arazo nagusi bezala diru falta adierazi izan digute. EHU-ko aurrekontuak bestelako proiektuetara bideratzen direla ikusirik, aurrekontu hauen kudeaketaren arduradunei ikasleen formakuntzari lehentasuna ematea eskatzen diegu.
  • Horrez gain azpimarratu behar da estatuko abokatutza masterraren amaieran egiten den estatu mailako azterketa gazteleraz soilik eskaintzen dela. Legearen arabera Autonomi Erkidego bakoitzak antolatu dezake azterketa hau. Oraindik ez da pausu hau eman, eta ez digute aurrera eramango dutenaren seinalerik eman. EHU-ren konpetentzietatik haratago dagoen zerbait dela argudiatzen dute. Honek ere, euskarazko eskaeren jaitsiera ekartzen du, eta Euskal Herriko Unibertsitateak bere esku dagoen guztia egin beharko luke hau aldatzeko.

Guretzako abokatutzan jarduteko beharrezkoa den master bat dela kontutan hartu behar dugu, askoren etorkizunean ezinbestekoa izango dena. Horrela izanda eta zuzenbideko gradua bere osotasunean euskaraz eskainita, bai Donostian zein Leioan, eskubide urraketa larritzat jotzen dugu Abokatutza Masterra “euskaraz” kanpus batean soilik eskaintzea eta gainera ikasle kopuru minimo baten esperoan gelditzea.
Leioako Zuzenbideko euskarazko ikasleok Abokatutza Masterra gure hizkuntzan egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu, Leioan eta Donostian, denon eskura dagoen master bat eskainiz. Horrez gain Euskal Herriko Unibertsitateari eskatzen diogu bere esku dagoen guztia egiteko estatu mailako azterketa euskaratzeko.
Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak. Era berean gonbidapena luzatzen diegu zuzenbideko ikasle zein irakasleei, arazo honek guztioi eragiten digula ulertzen dugulako.